ELKARREKIN BERTOKO ENERGIA BERRIZTAGARRIAK ESKURAGARRI EGINGO DITUGU GUZTIONTZAT
Ongi etorri Kunkana Lezoko energia komunitatearen atarira.
Herritarrok klima aldaketaren erronkei aurre egin ahal izateko baliabide propioa jarri dugu martxan. Energia berriztagarriak sustatu nahi ditugu gizarte eta ekonomia eredu jasangarriago baten mesedetan.

EREDU JASANGARRIAGOA LANDUZ
Herritarrok zeresan handia dugu!
Bat egin dezagun komunitate bizia, sendoa, inklusiboa.
Herrian energia berriztagarriak sustatzeko eguzki plaken instalazio kolektiboak ezartzen hasiko gara. Horretarako, aldez aurretik, energia eraginkortasun eta aurrezpen neurriak lantzea ezinbestekoa dela ahaztu gabe. Mugikortasun proiektuak ere, besteak beste, garatzeko baliabidea izango da KUNKANA. Berotegi efektuko gasen isurketa murrizten laguntzeko lanabesa.
Zer da Kunkana?
KUNKANA Lezoko Energia Berriztagarrien Komunitatea da. Parte-hartze eraldatzaile baten emaitza. Jasangarritasunerako elkarlana sustatzea, ekonomia zirkularra aktibatzea eta gizarte burujabeago baten alde lan egiteko aukera emanten duena.

Herrigintzak eta jasangarritasunak bateratu gaituen lezoarrak gara
“Zenbait herritar eta eragilek, udalaren laguntzarekin eta Goienerren gidaritzarekin, egindako ahaleginaren ondorena gara. Lopene, Olatzar eta Mikura errekek Kunkanan bat egin eta Zubitxo errekan itsasoratzen diren moduan, herritarrok ere elkar hartuta, energia trantsizio jasangarri baterantz aurrera egitea dugu xede. Herriaren kohesioan eragin nahi dugu nekazal eta abeltzantza, industria, urbanizazio eta babesturiko natura lurren arteko oreka mantenduz. Loturetan mugikortasun jasangarria eratzea ahalbidetuz eta CO2 emisioak murrizten lagunduz. Honetarako harremanak eta elkar ulertzea gakoak direla pentsatzen dugu. Modu honetan energia trantsizioa giza garapen positibo eta osasuntsuan bilakatzera goaz.”


Herriko sektore ezberdinak bateratu nahi ditugu herriguneko, industriaguneko zein landa guneko gainazal zabal eta optimoetan instalazio fotovoltaikoak egiteko.
Bertatik bertara sorturiko energia berriztagarria guztiontzat eskuragarri. Urrutiko makro-zentraletatik garraiatzerakoan sortzen diren energia galerak eta hauenganako mendekotasuna murriztuz burujabeagoak izango gara. Energia sortzeko, mantentzeko eta partekatzeko sortuko ditugun harremanekin eta baliabideekin ekonomia zirkularrari zuzenean eragingo diogu.

Lezoko EBK sortzeko prozesua martxan
Goiener-en gidaritzapean eta Iratzerri Lezok dinamizaturik, herritarren eta eragileen arteko saio irekiak hasi dira Energia Komunitate bat zer den eta eraketaren inguruko hausnarketarekin.
Aurrera egitea erabaki dugu! Kunkana izango gara
8 saioren ostean energia komunitatearen izena KUNKANA izatea erabaki dugu. Autokontsumo kolektibo bat urte berean egin ahal izateko aukera suertatu delarik, kooperatiba eratzeko lehen urratsak ematen hastea erabaki dugu.
Kunkana sorrera
Kunkana Lezoko Energia Berriztagarrien Komunitatea S. Koop. eraketa sinatu dugu notaritzan.
Lezoko Ikastolako instalazioa: Obra bilera
Lehenengo instalazioaren exekuzioa plangintzatzeko bilera egin dugu Nafarkoop eta Adarra-rekin. Lanek 2 aste irautea espero da. Instalazio hilabete gutxitan legeztatzea eta martxan jartzea espero da.
